XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mendizorrotz hau, Gasteizko foot-ball zelaiari izena ematen dion menditxorik beste mendi diferentea da, bi mendiak gertu samar izan arren (bi km. lerro zuzenez).

Beste Bagaduia topatzen dugu Ibisate eta Musitu artean, Laminoria Haranean.

Gipuziturri-tik Gipuzkoarro-ra Araban gabiltz.

Gipuziturri Bardangobarro mendian dago, Lagrango lurretan; izen horrek gaur arte iraun du agirietan, izena bertako jendearentzat gaur ez ezaguna izan arren; mugarriak berritu behar zirela-ta, bilatu eta aurkitu dugu aurten Gipuziturri izenari behar zitzaion tokia, honela izen zaharra paperetatik atera dezakegu, lehen zuen tokira berreramanaz, izen berriztatze hau nahi izanez gero.

Gipuzkoarro mendia berriz Entzia mendikatean dago eta bizirik darrai; batzuei nahikoa arraroa egiten zaie Gipuzkoarro izena eta Guipuzcoano dela esaten dute.

Nafarrek ere beren kutsua utzi dute Nafarrate hirian, Legutio inguruan.

Elgea mendikatean, Larreako mendietan, Lizargibel toponimoa dago.

Iragango mendeetan Lexargibel bezala agertzen zen eta gaur gipuzkerazko eraz esaten da.

Alderantziz, Gasteiz ondoko Aretxabaleta Haritzabaleta izenarekin aurkezten da Donemiliagako agiri zaharretan.

Danetik zerbait dago Araba honetan.

Herri-bide eta dokumenta-bide.

Arabako Gobea Haranean (Valdegobia-n), ba dago Haran osoa menderatzen duen haitz bat eta haitz horri, ingurukoek Peña Carrias deritzate gaur egun, Karria zahar bat gaztelerazko ohituraren bidez pluralatuaz.

Arkamo mendikatearekin binomia bat gertatzen da; gaur Arkamo bada ere, oraindik Karkamo erak Karkamo hirian dirau eta ba da jende askok mendikateari ere Karkamo deritzala.

Padura izenak ere Araban era batzu agertzen ditu.

Padura Abornikanon (Las Paduras), Madura Alaitzan, Paules Valluercan (Valluerca lehenago izan zen gazteleratua beste bi tokiak baino).

Arabako Hegoa-Mendebaleko erderaz toki iztingitsuari la paúl deritzate.

Hiri bat dugu Araban gaur Paul deritzana eta lehen Padul izana.

Fragaria vesca-ren fruituari, marrubi edo mallukiari, Arabako erderaz honela deritzate: marrubias Entzia eta Arabako Sortaldeko toki askotan, amayetas Korron, amauetas Gurendesen.

Azken toki bi hauek Arabako Mendebalean daude, Gobea Haranean, Valpuesta ondoan, aspalditik gazteleratuak.

Antzekoa da Vaccinium myrtillus landarearekin gertatzen dena; landare honi abi deritza euskeraz; horrela Legutio inguruan abiak dira, Arabako mendietako toki askotan abis deritzate erderaz hitz eginaz eta Gobea Haranean amabia.

Aragongo erderaz arándano deritza Vaccinium myrtillus-i.

Ulex europaeus landarearekin gertatzen dena hauxe da: euskerazko izenak bizirik dirau ia Araba osoan. Otaka.

Hain sartuta dagoenez, batzuek euskeraz beste izenen bat izango dela otakari deitzeko uste bait dute.

Behin batek Araban otaka eta euskeraz argoma zela Ulex honen izena esan zidan.

Toponimian ota erarekin agertzen zaigu: Otatza, Otazu, Otalora.

Izkizko Taeta nere ustez Otaeta daiteke.

Buxus sempervirens, ezpela, ez da Araban izen horrekin agertzen.

Egia esan, maizen landare hau aurkitzen den tokia Kantabria mendikateko pagadiak dira.

Lagrango mendietan ba dago toponimo bat Bujumendia deritzana.